viernes, 28 de junio de 2013

Bigarren Hezkuntzako komunikazioak: ikasgelako praktika erakargarria

Bigarren Hezkuntzako komunikazioa saioa jarraitu dugunok ezin izan dugu nahi genuen guztia esan. Arrapaladan joan dira hizlari bakoitzak aurkezteko zituen hamar minutuak. Eta adi-adi izan gaituzte, ikasgelan zurrumurrurik ere entzuten ez zela.


Anoetako Herri Ikastolako Urko Kolomok azaldu digu nola lotu dituzten proiektu teknologikoak eta ikasketa kooperatiboa eta nola sustatu duten ikasle guztien inplikazioa, bakarkako lanari ere balioa emanaz. Oso zehatz eta argi esplikatu digu metodologiaren urrats guztiak haien praktikara egokituta.

Ondoren Valladolideko Compañía de Mariako M. Luz Lopezek "Geolocos en la calle" ekimenaren berri eman digu. Ikastetxeko denen arteko kohesiorako bidea izateaz gain, ikasle guztien, baita norbere emaitza altuei begira zeudenak ere, elkarrekin lan egiten eta ikasten hasi direlako.

Bilboko El Ave María ikastetxeko Imanol Canalesek hitz egin du ondoren, teoriatik errealitatera pasatzeko egindako ahaleginez. Oso interesgarria hori ere, hasieran kooperatiborako errezeloa zeukaten irakasleak ere animatu zirelako praktikan jartzen, elkarreraginak denen maila hobetzeko tresna eraginkorra dela konturatuta.


Jarraian, Palma de Mallorcako IES Juníper Serrako irakasleek eskolan egiten dutena erakusteko, era kooperatiboan egindako bideo alai bat ekarri dute, irakasleen eta ikasleen testimonioz josita. Bideoak berak ematen du lana nola egin duten irudikatzeko aukera.

Illes Balearseko Muroko Albuheiratik iritsi zaigu, ondoren, Josep Angel Reverten lekukotza. Errubrikak nola erabiltzen dituzten erakutsi digu eta haietako batzuk ikusteko aukera izan dugu ere. Banakako errubrikatik taldeko errubrikara pasatzean garapen baliagarria lortzen dute eta ikasleen ebaluazioak eta irakasleenak bat datozela egiaztatu dute.


Irungo Toki Alai BHI ikastetxeko Marta Irazokik esplikatu digu, entusiazmoz betetako aurkezpen batean, nola uztartu duten Ikasketa eta Zerbitzuko proiektuen lana ikasketa kooperatiboarekin. Rolen gaia eta ekipoaren planak norbere erantzukizuna areagotzeko bultzada izan dela esan digu eta oso nabarmen ikusi dutela talde bakoitzak nola erregulatzen dituen taldekide bakoitza.

Egia da. Eskaini dizkiguten ideiak eta euren eskoletan egindakoa benetan interesgarria dela eta kontatu digutena irakaskuntzaren gogo pizgarri suertatu zaigula esan nahi genien eta ezin izan diegu adierazi. Baina handik irtendakoan hezkuntza benetan ederra delako inpresio bizi-bizia izan dugu. Eta ez da gutxi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada